Ordiziako Udalak berrikuntza nagusi bat aurkeztu zuen orain gutxi: takilla adimentsuak. Egitasmo hau Ordiziako Azokaren Transformazio Digital eta Iraunkorrerako Planaren barnean kokatzen da.
Orain, erabilera asteazkenetako azokako produktuekin izateaz gain, zabaldu egingo da merkataritzara, hau da, egitasmoarekin bat egin eta izena eman duten 16 saltokietako produktuak takilla adimentsu hauetan jaso ahalko dira. Hala, merkataritza sektorearen eskaintzarako erabilgarri egongo dira asteko egun guztietan, asteazkenetan izan ezik, egun hori azokako erabilerarako gordeko baita.
Honako establezimenduak izan dira ekimenarekin bat egin dutenak: Arantxa mertzeria, Larratxa liburu-denda, Marta artisautza denda-tailerra, Naparra harategia, Goen arraindegia, Ediren bidaiak, Kriskras fruitu lehorrak, Farmaetxe parafarmazia, Otegi armategia, Mujika harategia, Gofi Berri haur eta gaztetxoen moda, Carrion elektratresnak, Vicuña Sport kirol eta moda osagarriak, Palomo emakume eta gizon moda, Ness by Esti Garcia emakume moda eta osagarriak eta Ordizian Elkartea.
“Saltoki gehiagok ekimenarekin bat egitea dugu helburu”, nabarmendu du Maitane Alvarez alkateordeak. Funtzionamendu erraza izango du, azokarako duen moduan: whatsapp eta telefono dei bidez erosketak egin daitezke, eta nahi den ordutegian jaso ahalko dira.
“Azpimarratu ohi dugun moduan Ordizian eskaintza zabala dugu merkataritzan, eta saltoki horien erosketak bakarrik jasotzeko erabilera izango da, ez online salmentarako beste plataformetarako”, gehitu du alkateordeak. “Jendarte gaztera iritsi nahi dugu, dela lan-ordutegiagatik, kontziliazioagatik… saltokietara ezin direnak hurbildu aukera izan dezaten Ordiziako establezimenduetan erosketak egiteko”.
Aipatzekoa da zerbitzu honek ez duela produktuaren prezioan eraginik izango: ez da tasa gehigarririk ordainduko eta guztiz doakoa izango da.