
Urriaren 7tik azaroaren 8ra, D’Elikatuz zentroak Ordiziako betiko saltokien historia, argazkiak eta testigantzak bilduko dituen erakusketa hartuko du. Inaugurazio egunean, 13:30ean, mahai-ingurua egingo da herriko merkatariekin.
Denda bakoitzaren atzean historia bat dago: ateak egunero zabaldu dituzten pertsonak, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza eta herritarrekin partekatutako hamaika bizipen. Betiko saltokiak gure oroitzapenen parte dira, eta haien ibilbidea Ordiziaren historiari eta nortasunari estuki lotuta dago.
Ekarpen hori aitortu eta ezagutarazteko antolatu da «Betiko dendak, Ordiziako altxorra» ekimena. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen dituen Europako Ondarearen Jardunaldien barruan kokatzen da, aurtengo «Arriskuan dagoen ondarea» leloarekin bat eginez. Herriko merkataritza tradizionala ere gure ondarearen parte dela gogorarazten digu: ezagutzea, balioestea eta haren memoria transmititzea merezi duen altxorra.
50 URTETIK GORAKO HISTORIA DUTEN SALTOKIAK
Erakusketak 50 urte baino gehiago daramatzaten eta oraindik ateak zabalik dituzten Ordiziako saltokiak izango ditu protagonista. Argazkien, testigantzen eta saltokien historiaren bidez, herriko merkataritzak urteetan izan duen bilakaera eta bertan aritu diren pertsonen ibilbidea ezagutzeko aukera eskainiko du.
Gure kaleei bizia eman dieten dendetara gerturatzeko gonbita da, baita haien atzean dagoen lana, dedikazioa eta gertutasuna aitortzeko aukera ere.
Erakusketa urriaren 7tik azaroaren 8ra egongo da ikusgai, D’Elikatuz zentroan.
MAHAI-INGURUA: MERKATARITZAREN HISTORIA, LEHEN PERTSONAN
Erakusketari hasiera emateko, urriaren 7an, asteazkenean, 13:30ean, mahai-ingurua egingo da D’Elikatuz zentroan. Bertan, lau merkatarik beren saltokien historia, bizipenak, oroitzapenak eta pasadizoak partekatuko dituzte:
-
Maria Antonia Arratibel, Aguirre Zapatadenda.
-
Nikolas Lasa, Lasa Harategia.
-
Alberto Ajuria, Vicuña Confección.
-
Carmen Esnaola, Zabale belardenda.
Haien ahotsen bidez, Ordiziako merkataritzaren azken hamarkadetako aldaketak eta herriko eguneroko bizitzarekin izan duen lotura gertutik ezagutuko ditugu.
GURE DENDAK, GURE MEMORIA
ORDIZIANetik gure bazkideak eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu mahai-ingurura hurbildu eta erakusketa bisitatzera. Aukera ederra da elkarrekin gogoratzeko, istorioak ezagutzeko eta gure herria bizirik mantentzen lagundu duten saltokiei eta pertsonei merezi duten aitortza egiteko.
Gure denden historia gure historia ere bada. Zatoz Ordiziako altxor hau ezagutzera! 💙


