Albisteak

'Erabili eta bueltatu, hobe gertu, hobe hemen' kanpaina martxan da

Aterki eta erosketa orgak

 

Ordiziako Udalak eta Ordizian merkataritza elkarteak elkarlanean abiatu dute kanpaina berri bat. “Kanpaina berri honekin erosleari ahalik eta erraztasun gehien eman nahi dizkiogu”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Hala, hemendik aurrera euria edo erosketen pisua ez da eragozpena izango tokiko merkataritza eta ostalaritzan erosketak egiteko. Hala, aterkiak eta erosketa-orgak mailegatzeko zerbitzua jarri da martxan. Zerbitzu hori “Erabili eta bueltatu, hobe gertu, hobe hemen” lelopean udalerriko establezimenduetan zabalduko da.

Ordiziako Merkataritza jakitun da, batzuetan bezeroek esperientzia deserosoa bizi ohi dutela erosketa egin ondoren ustekabean euria egiten hasten duenean. Aterkirik gabe harrapatzen zaituzten ezusteko zaparrada hauen aurrean eta bustitzea saihesteko, aterkia mailegatzeko ekimena iritsi da. Ordizian elkartetik honakoa azaldu dute: “bezeroak lasaiago egon daitezke, izan ere, aterkia ahaztuz gero edo erosketak egiten ari direnean eguraldiak okerrera eginez gero, bezeroak saltokitik atera ahal izango dira mailegatutako aterki baten azpian, eta baldintza bakarra aterkia bueltan ekartzea izango da”.

Era berean, erosketetan espero baino karga handiagoa dutela ikusten duten bezeroek erosketa-orga bat hartu ahal izango dute maileguan, eta zerbitzua amaitutakoan jatorrizko establezimendura itzuli beharko dute, beste bezero batek ere erabiltzeko aukera izan dezan.

Kanpaina gaur, abenduak 1 hasi da eta Ordizian bulegoak ere eskaini du. Parte hartzen duten establezimendu guztiek zerbitzuaren identifikagarri bat izango dute, eta horretarako diseinatutako kartelak jarriko dituzte.

Guztira 100 saltoki batu dira ekimenera, eta 200 bat aterki izango dituzte bezeroentzat. “Establezimenduek izugarrizko balioa ematen diote gure herriari eta bezeroei. Gertuko zerbitzua eta kalitatezkoa eskaintzen dute. Gure altxorra dira”, gehitu du alkateak. Noski, ekimenak funtzionatu dezan aterkiak itzuli egin behar direla gogoratzeko.


Inprimatu   E-maila
Image
  • dummy AS-AST-OST-OS
    8:00 - 15:00

  • dummy ASTEAZKENETAN
    8:00 - 14:00 / 16:00 - 18:00