Gipuzkoar Merkataritza Enpresen saria jaso du Ordiziako Porfirio Fernandez dendak, eta orain gutxi Singular Dendaken zigilua ere lortu du

igna

Hernaniarra bada ere, Ordizian ordu asko igarotzen ditu Ignacio Donaverak. Porfirio Fernandez jostuntza dendan lanean hasi zen orain hamabost urte, eta 2012an ardura postua eskuratu zuen, Fernandez jubilatu ostean.

Goierriko ‘harribitxi’ izendatu du denda Gipuzkoa Bazkundeak, Gipuzkoako Merkataritza Enpresen saria emanez. Nola hartu zenuen albistea?

-Oso pozik. Gainera, gehien poztu nauena izan da Goierriko dendek eman dutela botoa, haiek erabaki dutela. Errekonozimendu bat da urte guzti hauen ibilbideari;hain zuzen 26 urte bete ditu dendak irailean eta honek indarra ematen du.

 

Egun gutxian, Singular Dendak egitasmoaren zigilua jaso zenuten, gainera.

-Gipuzkoako Bazkundearena ostiral batean izan zen, eta Singular Dendak-ena astelehenean, beraz, poz bikoi-tza. Formazio saio bat jaso genuen eta ondoren erakuslehioetan aditua zen batek dendaren azterketa egin zuen;zortez ez genuen asko aldatu beharrik izan. Bestalde, webgunean aldaketa batzuk egin ditugu.

Dendan gizonezkoentzako arropak saltzen dituzue, baina neurrira ere egiten dituzue trajeak. Nolakoak izaten dira?

-Ezkongaien trajeak egiten ditugu, eta baita gonbidatuenak ere: neurriak hartu, telak koloreak eta modeloa zehazten ditugu bezeroarekin, eta Burgoseko tailer batean egiten dira trajeak. Azkenean espezializatutako zerbitzu bat eskaintzen dugu eta kalitatea bilatzen dugu, modelo berezi eta bakarrak eginez. Batez ere halako eguneratako egiten ditugu neurriko arropak;bestela, adin guztientzako gizonezkoen arropa saltzen dugu.

Zenbaitetan hiri handietara joan ohi gara halakoak bilatzera.

-Bai, iruditzen zaigulako kanpoan aurkitu dezakegula, baina, adibidez, hiriburuetako jostuntzetan lan egiten duten etxe berdinekin lan egiten dugu guk. Hala ere, badaude, esaterako, Bilbotik ere etorri izan zaizkigunak. Gainera, egun jendeak nahiko argi izaten du zer den nahi duena eta askotan argazki batekin etortzen dira lortu nahi duten horren ideia modura.

Ezagutzera emateko sare sozialak beharrezkoak bihurtu dira gaur egun, ezta?

-Dudarik gabe, erakuslehio handi bat dira eta web orriaren antzera, jendeak ikusi egiten du zein produktu dituzun. Asko etortzen dira gure sareetan jarri dugunaren bila dendara.

Ezkontza edo horrelako ekitaldi garrantzitsuetarako arriskatzen al dugu goierritarrok?

-Ez, esango nuke, ez goierritarrok ez gipuzkoarrok, ez dugula asko arriskatzen. Normalean kolore gris, urdin edo beltzetara jotzen dugu. Agian batzuk txalekoa jarriz arriskatzen dute, baina, esaterako, kolore bizi edo estanpatuak dituzten trajeak ez ditugu egiten.

Zuri, pertsonalki, nolakoa gusta-tzen zaizu ezkongai baten trajea?

-Niri gehienbat txalekoarekin gustatzen zait. Izatez, protokoloak esaten du ezkongaiak ez duela trajeko txaketa kendu behar, baina hori ez denez betetzen, behintzat, txalekoarekin jantziago dagoela iruditzen zait. Bestalde, gorbatak gustatzen zaizkit eta lokarridun zapatak.

Oroitzen al duzu traje berezirik?

-Bai, orain urte asko, urre koloreko traje bat egin genuen, brilluduna;ez da ohikoa izaten, baina hala eskatu ziguten.

Gipuzkoatzen

Mendi bat. Txindoki. Hemen nagoelako egun guztia eta azkenean ikur bat bihurtu da.

Hondartza bat. Asko gustatzen zait Ondarretara joatea.

Paisaia bat. Donostiako Badia.

Festa edo ekitaldi bat. Ordiziako kuadrilla eguna;ni hernaniarra naiz baina Ordiziako jaietako egun hori bezalakorik ez dago beste inon.

Txoko gustokoena. Igeldo inguruan dauden arrokak, itsasoa gertu dagoelarik;lasaitasun handia ematen didan unea izaten da beti.


Inprimatu   Posta elektronikoa