Ordiziako Udalak balkoi eta leihoak apaintzeko lehenengo lehiaketa antolatu du. Udalerriko etxebizitzak loreekin eta landarekin apaintzeko ohitura berreskuratzea da helburua, estetikaren bidez inguru atseginagoa sortu eta Ordiziako hiri-kalitatea hobetuz. Parte hartzeko izena ematea ez da beharrezkoa.
Lorezaintza arloko bost profesional ezagunek osatuko dute epaimahaia: Azanza Mintegiak, Goierriko Nekazal kooperatibak, Luberri eta Muguet loradendek eta Urretabizkaia lore-etxeak. Taldeak udalerriko balkoi eta leihoen itxurari erreparatuko dio, kaletik begiratuta, uztailaren 15a eta 18a bitartean. Eta lore-konposizio ederrenak edo itxura hoberena dutenak izango dira sarituak, honako irizpideak kontutan hartuta: aniztasuna, lore eta landare nahasketa edota originaltasuna.
Hiru sari banatuko dira uztailaren 19an. Ordizian Merkataritza elkartearen erosketa txartelak izango dira, 150, 100 eta 50 euroko balioa izango dutenak.