HEMEN GEUNDEN, HEMEN GAUDE, HEMEN EGONGO GARA

ordiziapor

 

Udalarekin batera, ORDIZIAN Elkartetik mezu hau helarazi nahiko genuke:

Covid-19ak sortu duen alerta egoera dela eta, herriko saltoki batzuk itxi beharra izan dute. Pentsa autonomo batentzat zer den hau. Bere ogibidea dena ixtea. Baina herritarren Osasuna lehenetsita inolako trabarik ipini gabe halaxe egin dute. Denon onerako.

Dendako ateak itxita barruko lanetan daramatzate egunak. Batzuk, genero berria ilusioz jaso eta gure etorrera egunerako dena prest izateko indarrarekin lanean dihardute. Beste batzuk telefono zerbitzua eta etxera eramateko sistema martxan jarri dute. Dena herritarrengan pentsatuz, ezer falta ez dakigun. Bide batez eskertu nahiko genuke, erosketak egiteko beharra duten herritarrrei laguntzen ari diren bolondresen lana.

Beste saltoki batzuk lanean dihardute. Lehen beharrak asetzeko gaitasuna dutenak, lehen minututik zabalik daude. Saltoki hauek herria eta herritarrak zaintzen dituzte, beraien osasuna modu esponentzialean arriskuan jarriz. Hauek dira herriari jaten ematen diotenak. Hauek dira une beltz hauetan geure kaleei eta norberari ere normaltasun itxura pixka bat ematen diotenak.

Denontzat egoera latza den garai honetan, herriko saltokiak beraien gertutasun, konfidantza, lasaitasun eta berotasuna ematen jarraitzen dute. Orain ere hor daude. Beti egon diren moduan.

Hau dena normaltzen denean saltoki asko eta asko izango dira beraien ateak irekita mantentzeko zailtasunak izango dituztenak. Egunerokotasunari aurre egiteko gure beharra izango dute, guk orain beraien beharra dugun bezala.

Orain beraiek zaintzen gaituzte, bezeroak erosketak lasai burutu ahal izateko babes neurri guztiak hartuz. Ondoren, gure beharra izango dute, guk zaindu beharko ditugu galdu nahi ez baditugu.

Ez dezagun ahaztu inoiz!


Inprimatu   Posta elektronikoa